Urteroko legez, UDA Aretxabaleta Kirol Elkarteak elkartasun ekintza antolatu du Gabonetan. Aurten, Lesbosera bideratuko du bildutako dirua. Horretarako hainbat dira martxan jarri dituen ekintzak; eta gaur, horren berri emateko prentsaurrekoa deitu du UDAk.

Hainbatetan aipatu bezala, UDArentzat kirolaren balioak lehentasuna dira; eta, balio horien artean dago “elkartasuna”. Zaporeak proiektuarekin izango du elkartasuna, aurten, UDA Aretxabaletak. Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak azaldu moduan, “urteroko ohitura” bilakatu da.

UDAko gazteek Lesboseko errealitatea ezagutzea eta haren berri izatea “garrantzitsua” iruditzen zaio Elkorori. Urrutikoa zaigun arazoa hurbiltzea eta gertu sentitzea ezinbestekoa iruditzen zaio eta horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunotan:

Odoloste dastaketarekin hasiko da festa

Abenduaren 13an hasiko da elkartasun ekintza, Aretxarteren laguntzarekin antolatutako Odoloste Dastaketa.  18:30ean izango da, herriko plazan. Bixentak talde aretxabaletarrak girotuko du dastaketa, 19:00etan hasita kontzertua eskainiko baitute.

 

Elikagai bilketa astebetez

Abenduaren 13tik 22ra, hots, ostiral honetatik datorren igandera arte, elikagai bilketa egingo da Ibarra Futbol zelaian. Copreci enpresak utzitako edukiontziak jarriko ditugu Lesbosera bidaltzeko janaria biltzeko.

Galtzen ez diren jakiak dira bilduko direnak:

  • Lekaleak
  • Pasta
  • Arroza
  • Kontserbak

Maria Agirre Zaporeak proiektuko kideak dioenez, han, Lesbosen, 1600 otordu inguru prestatzen dituzte egunero-egunero. Beren helburua “errefuxiatuek eguneko otordu duin bat” izatea da eta UDAk bildutako elikagaiak oso baliagarriak izango dira lan horretarako.

 

UDA eta Zaporeak azokan 

Abenduaren 14 eta 15ean, asteburuan, Azoka izango da Aretxabaletan. Postua izango dute bertan nola UDAk, hala Zaporeak-ek. UDAren postuan kirol elkarteko arropa eta materiala izango da; Zaporeak-en postuan, aldiz, proiektuaren merchandising eta informazioa izango da.

Agirrek herritarrei bertaratzeko deia egin die. Beso zabalik jasoko dituztela aipatu du eta beren galderak erantzuteko guztiz prest egongo direla aipatu du. Gaineratu du momentu honetan egoera oso larria bizi dutela Lesbosen. Egoera hori iraultzeko guztion laguntasuna ezinbestekoa dela dio. “Astebukaeran aretxabaltarrek jarri dezaketen aletxoa oso garrantzitsua da, izan ekonomikoki, izan informatzen”. Kontzientziak piztearen garrantzia ere azpimarratu du Zaporeak-eko kideak.

 

Lesbosera bidaia iruditan: filma eta mahai ingurua

Asteazkenean, abenduaren 18an, zineforuma izango da Arkupen, arratsaldeko 19:00etan. Varados filma proiektatuko da, zeinak Lesboseko errealitatea kontatzen duen. Filma Donostiako Zinemaldian proiektuatu zen eta Goya sarietarako izendatua ere izan da. Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak azaldu duenez, “ohore” bat da, “aukera paregabe bat” horrelako film bat herrian bertan izatea.

Maria Agirrek filmak Lesboseko errealitatea kontatzen duela dio. Garbi ikusten da han bizi dutena. Elkorok gaineratu du “Lesbosen bizi dutena ezagutzeko beste modu bat” izango dela filma ikustea.

 

Sinopsia
Mediterraneoan, gure zibilizazioaren oinarri izan zen itsasoan, milaka errefuxiatu zain daude Europan ostatua hartzeko. Kontinente zaharraren atarian, bizirauteko baldintza eskasak dituzten arren, itxaropenari bizirik eusteko ari dira borrokan. Varados iraupen luzeko errefuxiatu horien eguneroko bizitzara hurbiltzen da. Atenasen okupatutako eraikinetan edo herrialde osoan zehar banatutako errefuxiatu guneetan, gizon eta emakume horiek beren bizitzekin aurrera egitea ahalbidetuko dien dokumentazio baten zain jarraitzen dute.
Behin filma ikusi eta gero  Izaskun Arriaran Itsas Laguntza Humanitarioa elkartearekin Aita Mari ontzian boluntario lanetan dabilen aramaioarra elkarrizketatuko du Xabi Igoa Erizek.

Elkartasun partida 

Abenduaren 22an bukatuko da elkartasun ekimena, UDA-Mutriku futbol partidarekin. Norgehiagoka arratsaldeko 16:30ean hasiko da eta 5 euroko sarrera kobratuko da. Sarreran bildutako dirua ere Lesbosera bideratuko da.