Ekainaren 5ean, 6an eta 7an kirola eta inklusioa batuko dituen ekitaldia izango da Donostiako Bentaberri kiroldegian. Drogen kontsumoaren ondorioz gaixotasun mentalak dituzten pertsonak eta gazteak elkartu, eta elkarrekin kirola egiteaz gain, sustantzien kontsumoaren inguruan hausnartuko dute.

Drogak ez dira 80. hamarkadako kontua. Heroinaren izurritea bizi izan zen urte horietan Euskal Herrian. Oraina eta geroa berezi zituen arren, drogen kontsumoa ez da desagertu. Alta, azken urteetan, gora egin du.

Errealitate honen aurrean, eta kirola amua dela sinetsita, Aretxabaletako Kirol Elkarteak eta Hermanos de San Juan de Dios ospitaleak bat egin dute. Elkarrekin errealitate gordin bezain gogor honi aurre egiteko proiektua jarri dute martxan eta kirol praktikaren bidez drogen kontsumoaren inguruan hausnartzea eta errealitate hori iraultzea du helburu.

Esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki

Proiektu horren baitan, ekainaren 5ean, 6an eta 7an, i(nk)lusioa ekitaldia antolatu dute “Esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki” lelopean. Donostian izango da, Bentaberri kiroldegian. Kirolaren aitzakian gazteak  eta drogen kontsumoagatik gaixotasun mentalak dituzten pertsonak batuko dira. Kirol taldeak osatuko dituzte eta hainbat diziplinetako txapelketak jokatuko dituzte: areto futbolean, 3×3 saskibaloian, petankan eta boleibolean.

Sentsibilizazioa helburu

Kirolean jokatzeaz gain, taldean, drogen kontsumoaren inguruan hausnartuko dute: kontsumitzeak dakartzan ondorioez, beren bizipenez… hitz egingo dute. Gertutik ezagutu ahalko dute patologia dualeko pertsonen errealitatea, beren bizipenak.  Iritzi trukaketa horren xedea gazteak sentsibilizatzea da eta gazteak ur handi horietan ez sartzea.

Focus group horietan bildutako ondorio horiekin guztiekin liburu bat editatuko da.

 

Erreferenteak hizlari

Aretxabaletako Kirol Elkartea eredu da Euskal Herrian drogen arazoari kirolaren bidez aurre egiten. San Juan de Diosekin batera duen proiektua aitzindari eta ikur da. Dena den, U.D.Ak ere baditu erreferentziazkoa pertsonak eta elkarteak, eta horiei hitza emango die ekitaldian.

Egitasmoaren azken egunean, ekainaren 7an, bi hitzaldi izango dira. Lehendabizikoan, Tarragonan haurrekin prebentziorako hezkuntza lantzen duen talde baten esperientzia entzuteko aukera izango da. 9:30ean hasi eta 11:30ean bukatuko da.

Atsedenaren ondoren, 12:00etan, Marta Torrensek hartuko du hitza. Bartzelonako Del Mar ospitaleko medikuak sustantzien kontsumoaren eta patodologia dualaren inguruan hitz egingo du.