Kaixo Udazaleok! 

Hilabete daramagun konfinamendu egoera honetan, eta garrantzitsua iruditzen zaigu egoera hau eramangarriagoa egiten lagundu dezaketen gomendio psikologikoak gogoraraztea. Etxean sartuta, behar-beharrezkoa besterik ez den gauzetarako ateratzen, luzaroan egon beharrak emozionalki eragin diezaguke, gaizki sentiarazteraino. Horregatik, beharrezkoa da gure ongizate emozionala inoiz baino gehiago zaintzea.

Hementxe, beraz, Hitzez psikologia zentruko lagunek horretarako landutako hainbat gomendio! Entzun adituen aholkuak:

1.     EGUNEROKOTASUNA ANTOLATU: Aurrez egunean zehar egingo dituzun ekintzak antolatzeak eguna eramangarriagoa egiten lagunduko digu. 

2.     SAIHESTU GEHIEGIZKO INFORMAZIOA: Egun guztia telebista, irratia edo ordenagailuan koronabirusari buruzko albisteak entzun eta irakurtzen egoteak gaiari buruzko informazio “gaindosira”garamatza. Askotan, gainera, jasotzen dugun informazioa kontraesankorra izaten da eta honek antsietatea eragin diezaguke. Hori dela eta,  egunean zehar aukeratu tarte bat egoeraren berri izateko eta bideratu gainerako denbora ekintza desberdinak egitera.

3.     AKTIBO MANTENDU: Etxean egin ditzakegun jarduera fisikoak bilatu. Teknologia berrietara konektatuta igarotzen dugun denbora mugatu eta hauetatik bereiziko gaituzten jarduerak ere egin.

4.     FAMILIA ETA LAGUNEKIN KONTAKTUAN JARRAITU: Erabili telefonoa, mugikorra edo ordenagailua maite dugun pertsonekin kontaktuan egoten jarraitzeko. 

5.     ELKARLANA SUSTATU: Pertsona askok, ohi baino denbora gehiago pasatu behar dute bikotekide, seme-alaba, guraso edota pisukideekin. Hori dela eta, ez da harritzekoa zenbait egoeren aurrean harremanetan zailtasunak izatea, egoera zailak suertatzea. Horrelakoetan, saia gaitezen bestearen lekuan jarri eta gertatzen dena ulertzen. Gogoan izan garrantzitsua izango dela elkarlanerako eta laguntzarako jarrerak izatea. 

Ah! Eta ez ahaztu badaudela zenbait kolektibo, inoiz baino gehiago, gure laguntza behar dutenak!!!

6.     Eta, azkenik, guztietatik guri garrantzitsuena iruditzen zaiguna BIZI MOMENTUA: Birus honek gure agenda okupatuak bertan behera utzi eta egun batetik bestera denbora libre asko izatera eraman gaitu. Gehiengoarentzat berria den egoera bat bizitzera, hain zuzen. Baina saiatu gaitezen honi guztiari alde positiboa ateratzen. Aprobetxatu dezagun momentua orain arte beti buruan baina “denbora faltagatik” atzeratzen aritu garen ekintza horiek egiteko. Jar dezagun gure sormena lanean! Irakurri, marraztu, musika egin/entzun, eskulanak egin, meditatu, yoga praktikatu, sukaldatu… Denetarik egin daiteke!!! 

 

Eta haurren kasuan…zer?

Bestalde, gurasoei haurrekin egoera hau ahalik eta egokien kudeatu ahal izateko aholku txiki batzuk helarazten dizkizuegu:

        HAURREI LASAITASUNA TRANSMITITU: Horrelako egoera ezezagunen aurrean ohikoa da segurtasun eza eta beldurra azaltzea. Hala ere, helduak garen heinean, gure txikiei segurtasuna eta lasaitasuna transmititzen saiatu behar gara. 

        EGOERA ZEIN DEN AZALDU baina beharrezkoa da, informazio hori argia eta benetakoa izatea. Soilik informazio hori transmititzea.  Behean horretarako lagungarria izan daitekeen ipuin bat uzten dizuegu! Horrez gain, beste zenbait informazio interesgarri ere aurkitu dezakezue: https://www.copmadrid.org/web/publicaciones/rosa-contra-el-virus-cuento-para-explicar-a-los-ninos-y-ninas-el-coronavirus-y-otros-posibles-virus

        ESKOLARIK EZ, BAINA IKASTEN JARRAITU BEHARRA: Nahiz eta eskolara ez joan, astean zehar tartetxo bat hartu haurrek eskolatik bidalitako etxeko lanak egin eta irakurketa momentuak sustatzeko. Saiatu desberdintzen lan egunak eta asteburua. 

        HAURREN IRUDIMENA GARATU: Joku librea, marrazketa, gorputzaren mugimendua eta… baita aspertzeko momentuak ere!

        DISFRUTATU FAMILIAN: Aprobetxatu egoera hau hain beharrezkoa den eta askotan zaila egiten zaigun familia-denboraz gehiago disfrutatzeko!  

Egoera zail honen aurrean, Hitzez psikologia zentroko lagunek, beren psikologia zerbitzuak guztion eskura jartzeko aprobetxatu dute. Beraz, edozein kontsulta egin nahi baduzu jar zaitezte bertako profesionalekin harremanetan hurrengo zenbakien bitartez: 623 21 31 62 / 666 31 20 96.

Guztion artean hau eramangarriagoa egitea lortuko dugu!