Elkartasun ekintzari amaiera emango diogu asteburu honetan, igandean, hilaren 22an, Ibarra Futbol Zelaian jokatuko diren futbol partiduekin. Sarrerekin bildutako dirua Lesboseko errefuxiatuei laguntzeko bideratuko da.

Igande honetan bi futbol partida jokatuko dira Ibarran. Eguerdian Lehenengo Mailako Kadeteek jokatuko dute, 12:00etan hasita. Ondoren, arratsaldeko 16:30ean, UDAko Ohorezko Erregional Mailakoen partida izango da. Mutrikuko taldea izango dute aurrez aurre gure mutilek.

Lesboseko errefuxiatuei elkartasunez, bost eurotan jarriko dira sarrerak. Bildutako dirua Zaporeak proiektura bideratuko da. Zaporeak proiektuko kideak 2016ko martxoaz geroztik Grezian dauden errefuxiatuei jaten ematen dabiltza. Hiru urte hauetan zehar 1.000.000 otordu baino gehiago banatu dituzte eta otorduak prestatzeko 500 boluntario baino gehiagoren laguntza izan dute.

Denbora honetan guztian Chios eta Atenasen egon dira lanean eta momentu honetan Lesbosen dabiltza 1.300 otordu kozinatu eta banatzen. Errefuxiatuek beren laguntza behar duten bitartean lanean jarraitu ahal izateko, gure babesa behar dute. Horregatik bilduko dugu dirua igandeko partidan.